Oiartzuarrentzat formakuntza saioak antolatu dituzte Bizi-lagun taldeko kideek.
Oiartzun, edozein herri bezala, ez dago larrialdi egoeretatik salbu. Osasun emergentzien artean, bihotz-geldialdiak izaten dira denboraren menpekoen direnak. 75 bihotz-geldialdi ematen dira ospitaletik kanpo hilabetero Euskal Autonomia Erkidegoan. Geldialdi hauen % 70 norberaren etxean gertatzen dira eta % 17 kalean.
Larrialdiei aurre egiteko ardura profesionalek duten arren, haiek iritsi bitartean lekukoek duten jarrerak baldintzatzen du maiz emergentziaren emaitza. Oiartzundik gertuen ditugun anbulantziak Fanderiako oinarrizkoa eta Bidasoako medikalizatua dira. Oso azkar mugitu arren, nekez iritsiko dira 8-10 minutu baino lehen eta tarte horretan lekukoek egindako ekintzak eta lehen sorospenak berebizikoak dira. Oiartzuarrak bihotz-geldialdien eta beste emergentzien aurrean ahalduntzeko eta nola jokatu azaltzeko sortu zen Bizi-lagun taldea.
Larrialdiei auzolanean aurre
Osasun eta larrialdietan eskarmentu handia duten hogeita lau oiartzuarrek sortu zuten 2018an Bizi-lagun. Erronka eta helburu partekatu batekin hasi ziren biltzen: Oiartzun emergentziei aurre egiteko ahaldundutako herria izatea lortu. Auzolanaren bidez eta elkar harremana sustatuz egin nahi dute.
Udalaren babesari esker eskuratu zituzten prestakuntzetarako 20 panpina, desfibriladorea (bigarrena erosiko dute orain), beharrezko gainontzeko materiala eta lokala. Ordutik, oiartzuarrak larrialdien aurrean ahalduntzeko formakuntza tailerrak ematen dabiltza buru-belarri. 120 pertsona ingururi eman diete prestakuntza dagoeneko.
Hurrengo saioetarako izenematea, zabalik
Emergentzien aurrean ahaldundutako oiartzuarren sarea zabaltzen jarraitu nahi dute eta datozen hilabeteetarako hiru prestakuntza saio berri antolatu dituzte.
Saio praktikoak izango dira. Bihotz-geldialdi baten aurrean nola erantzun landuko dute; egoera hauek antzeman, masajea nola eman eta desfibriladorea nola erabili. Osasun larrialdiez gain, beste zenbait emergentzia egoera ere izango dituzte aztergai: sute baten aurrean eman beharreko lehen pausoak ezagutu, su-itzalgailu bat nola erabiltzen den ikasi edota errepidean eta egunerokoan ematen diren larrialdi ohikoen aurrean jarraitu beharreko babes-pausoak landuko dituzte.
Formakuntzak irailaren 8an, azaroaren 20an eta urtarrilaren 22an egingo dituzte, 18:00etatik 21:00etara, Landetxe Kultur Aretoan. Oiartzuarrek oiartzuarrentzat prestatuak izango dira eta 60 lagunentzat dago tokia deialdi bakoitzean. Sarrerak.oiartzun.eus webgunean edo Landetxeko leihatilan eman daiteke izena.
3 ikastaro egingo dira (irailak 18, azaroak 20 eta urtarrilak 22)
Aforoa: 60 pertsona ikastaro bakoitzean.
ANTOLATZAILEA: Bizi-lagun